
Bizikletak alokatzeko zerbitzua jarri du martxan Turismo Bulegoak
Mundaka Bulegoan bertan alokatu ahal izango dira bizikletak; alokairuaren lehenengo orduak bi euro balioko ditu.
olaia zabalondo
Mundakako Turismo Bulegoak martxan jarri du bizikletak alokatzeko zerbitzua. Busturialdean zerbitzu hori eskaintzen duen lehenengo udalerria da Mundaka. Bost bizikleta jarriko dituzte alokairuan. Horiek Turismo Bulegoaren ondoan dagoen bizikletentzako aparkalekuan kokatzen dituzte egunero.
Bizikletak alokatzeko zerbitzua turistei zein Mundakako herritarrei zuzenduta dago. Horrela, herria bera zein Urdaibaiko inguruak beste modu batera ezagutzeko aukera ematen dute zerbitzu berri horren bidez. Era berean, ingurumena zaintzeko aukera ere ematen du zerbitzuak.
Lehenengo ordua bi euro
Bizikleten alokairua orduko ordaindu beharko da, eta Turismo Bulegoan bertan egin beharko da. Lehenengo ordua bi euro ordaindu behar da. Hortik aurrera, ordu bakoitzeko euro bat izango da.
Bizikletak goizez zein arratsaldez alokatu daitezke hurrengo ordutegian: 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara. 18:00etatik aurrera ezin izango dira bizikletak alokatu. Bizikletak Turismo Bulegoan bertan hartu eta leku berean utzi beharko dira alokatzen den egun horretan bertan.
Alokatzen den egun berean bizikleta entregatzea ezinezkoa izatekotan, Turismo Bulegoko arduradunari jakinarazi beharko zaio eta hurrengo egunean entregatzea beharrezkoa izango da. Bizikleta entregatzerakoan, Turismo Bulegoaren ondoko aparkalekuetan utzi beharko dute bezeroek, ondo lotuta lapurretak ekiditzeko. Bestalde, kaskoa eta giltzarrapoko giltzak ere Turismo Bulegoan entregatu beharko dira.
Fidantza utzi beharko da
Bizikletak alokatzerakoan fidantza bat utzi beharko da Turismo Bulegoan. Gero, bizikletarekin arazorik egon ezean, utzitako dirua bueltan jasoko du bezeroak.
Hamazortzi urtetik beherako erabiltzaileei heldu batek lagundu beharko diete ezinbestean. Nagusia izango da, beraz, bizikletaren erabilpenaren erantzule.
Bezeroak bizikleta alokairuan duen denboran berau ondo zaintzera konprometitzen da. Horrez gain, bete behar dituen trafiko arauak betetzera ere konprometitu beharko da.
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.